XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

III. ATALBURUA

HERRI MENDIEN ARAUAK

LEHEN ATALA

MENDIEN KATALOGOA

23. artikulua.- Mendien Katalogoa

Mendien Katalogoa izaera administratiboko errolda publikoa da.

Herri onurakotzat hartutako mendi guztiak egongo dira sartuta errolda horretan, eta bertatik ateratzea erabakitzen den arte sailkapen hori izango dute.

24. artikulua.- Katalogoan sartzea

1.- Mendiak, hurrenkeraren araberako zenbakia dutela, orri banatan sartuko dira honako datu hauek zehaztuta:

- Mendiaren izena eta titularra

- Mendiaren deskribapena: mugak eta luze-zabalera / informazio grafikoa eskala egokian / dituen espezieak / afektatzen dituen plan teknikoak, halakorik bada.

- Mendiaren zuzenbide arauak: Mendiaren sailkapena

- Dituen era guztietako kargak, horien titularra, eratutako data, zuzenbide izaera, ezaugarriak eta iraupena.

- Erroldako idazpena, halakorik bada.

- Mugaketen eta mugarrien aipamena.

2.- Baso Administrazioak, aurreko zenbakian aipatutako beharkizun horiek errolden nahiz informazio geografikoen alorretan diren teknika ofimatikorik berrienetara egokitzeko modua zehaztuko du.

25. artikulua.- Katalogoan sartzeari buruzko erreklamazioak

1.- Mendiak Katalogoan sartzea dela-ta afektatutako entitateak egindako erreklamazioak administrazio bidetik tramitatuko dira, izaera zibileko auziei buruzkoak ez badira.

2.- Izaera zibileko auziei buruzko erreklamazioetan, ondorengo artikuluan ezarri legez jokatuko da.

26. artikulua.- Katalogoko mendiei buruzko demanda zibilak

1.- Katalogoko mendien jabetza bide zibiletik demandatu ahal izateko, aldez aurretik administrazio bidean aurkeztu beharko da erreklamazioa, entitate titularrari eta Baso Administrazioari zuzendua.

2.- Aurreko zenbakian aipatzen den aldez aurreko erreklamazioa Baso Administrazioak ebatziko du, entitate jabeari alegazioak aurkezteko 30 eguneko entzuteko epea emanda eta oharrarazita tramite horretan erantzuten ez badu erreklamazioaren aurka dagoela ulertuko dela.